ELA eta LAB sindikatuok Bizkaiko Bulegoetako intersindikaleko mahaian gertatutakoa aditzeraeman nahi dugu. Egindako azken bileran, CCOO eta UGTk mahai intersindikala utzi zuten. Teorian horrela esan ez zuten arren, praktikan hori da gertatutakoa. Haien ordezkaritzak Bizkaiko Bulegoetako hitzarmenarekin binkulaziorik sentitzen ez dutela argudiatuz. Bi sindikatuen artean %42,32ko ordezkaritza izanda, Bizkaiko Bulegoetako hitzarmenaren aldeko apusturik ez egitea haien aldetik arduragabekeria handia dela iruditzen zaigu
Jakina da, sektore honetako langileak 10 urte daramatela hitzarmenik gabe, honek dakarren prekarizazioarekin; 10 urtez lan baldintzak izozturik eta estatalizazio prozesuak sektoreko enpresa askotan. CCOO eta UGT Espainiar estatu mailan sinatzen dituzten hitzarmenekin eroso dauden arren, ukaezina da estatalizazioak prekarizazioa dakarrela. ELAk eta LABek argi daukagu gaur egun sinatzen ari diren hitzarmen estatalak, 2012ko Bizkaiko Bulegoetako hitzarmena baino okerragoak direla.
Horren aurrean, intersindikala osatzen genuen lau sindikatuok 2022ko abenduan egindako manifestazioarekin sektorea berraktibatzeko eta hitzarmena berreskuratzeko apustua egin genuen. Batzuk bidetik aldentzea erabaki duten arren, ELAk eta LABek Bizkaiko Bulegoetako 30.000 langileek behar duten hitzarmenaren berreskurapenaren alde borrokatzeko apustua egiten dugu. Lehen esan bezala, gaur gaurkoz, CCOO eta UGT gabe. Hala ere, espero dugu Bizkaiko hitzarmenak duen balioaz ohartu daitezela eta honen defentsaren hautua egin dezatela, indarrak batzeko eta sektoreak merezi duen benetako bultzada emateko.
Bukatzeko, hurrengo hilabeteetan hitzarmena berreskuratzeko eta sektorea aktibatzeko apustua egingo dugu ELAk eta LABek, beraz, deialdiei adi egotera gonbidatzen zaituztegu.